|
Badator urteko ekitaldia! :) Beno, txantxak alde batera utzita, aitortu behar dugu oso kuttuna dela guretzat Moodlemoot Euskadi, urtez urte eraldatzen ari dena. Oraingoan, Errenterian elkartuko gara, ekainaren 18an, Tknikaren egoitzan, beraiek izan baitziren iaz lekukoa hartzera animatu zirenak.

Aurtengo aldaketarik handiena da komunikazioak murriztu eta tailerrak /mahai-inguruak areagotuko direla, une honetan dauden interesgune nagusiak hautatuta:
- Irakasleen formazioa: tailer hau berez mahai-inguru bat izango da, formaziorako estrategiak planteatzean sortzen diren zalantzei buruz hitz egiteko.
- Garatzaileen elkargunea: tailer honetan, oraingo proiektu eta garapenak aukeztuko dira, eta, bide batez, garapenetan interesa duten pertsonak, erakundeak eta enpresak harremanetan jartzeko erabiliko da. Gune hau urtez urte hazten ari da, seinale ona, zalantzarik gabe.
- Moodle iritsi berrientzat: ez gaude ahaztuta urtero irakasle berriak hasten direla Moodle erabiltzen, askotan euren kabuz, intuizioz ikasita eta laguntza handirik gabe. Tailer honetan, ordenagailuetan lan egingo da probak egiteko: Creative Commons erabilera-lizentziak, lehenago egindako ariketen aprobetxamendua (Hot-Potatoes edo JClick-en) eta eXe-learning baliabideak eta jarduerak enpaketatzeko, biltzeko softwarea.
- Proposamen didaktikoen tailerra: tailer honetarako, ekimen eta erabilera bereziak egiten ari diren pertsonak bilatu ditugu, irakaskuntza orain ezagutzen dugun bezala aldatzea bilatzen duten pertsonak. Honelako esperientziak aurkeztuko dira: egituren horizontalizazioa, ikaskuntza kooperatiboa, elkarreragin-tresnen erabilera intentsoa, moodle eta web 2.0, kanpoko eragileak moodle-n.
- Irakasleentzako formazio-pildorak: tailer honetan ere ordenagailuetan egingo da lan. Kontu hauek jorratuko dira: Game eta Edugame, HTML eta CSS, Moodle eta matematikak (Wiris eta Geogebra), eta kalifikazio-liburuaren kudeaketa.
- Administratzaileentzako tailerra: tailer honetan modulu, bloke eta gaien instalazioaz hitz egingo da, Mahara portfolioaz eta bideohitzaldiei eta audio-bideo txatari lotutako moduluez.
- Euskara eta sare sozialak: mahai-inguru honetan, honelako gaiak jorratuko dira: web 2.0 eta moodle, sare sozialen inpaktua eta euskaraz, euskarari buruz eta euskara ikasteko elkarlan proiektuen garrantzia
- Dr. Moodle: moodlemoot spain-etako ideiari jarraiki, aurreikusita dago moot-ean zehar laguntza-zerbitzua eskaintzea arazo zehatzak konpontzen saiatzeko. Galderarik edota arazorik baduzu, hobe duzu lehenago galdetzea badaezpada, lehenago begira dezagun. Nolanahi ere, gonbidatuta zaude egun horretan bertan galdetzera.
Ikusten duzuen bezala, eskaintza zabala duzue eta ezin da leku guztietan egon. Egia esan, onena da korridoreetan barna egiten dena (eta antolaketan zehar egosten dena, beti aberasgarri!).
Gomendatzen dizuegu webgune ofizialean begiratzeko, bertan izango baituzue informazioa eguneraturik:
Bertan ikusiko dugu elkar!
|